XVI. mendea jarduera handiko garaia zen, eta garai hartatik zerbait aipatzekotan, erretaula arloko eraikitzeko grina zen. Grina horren ondorioz , Frantziako artista asko etorri ziren eta Gaztelako eskultore garrantzitsuek ere parte hartu zuten.
Oñatiko eta Bergarako multzoak dira aipagarrienak. Oñatin derrigorrez bisitatu beharrekoa da San Migelen Parrokian dagoen Pietatearen kapera. Kapera XVI. mendeko arteen sintesia da. Lehenbizi Granadako Errege Kantzelaritzako presidente eta gero Avilako apezpiku izan zen Rodrigo Mercado de Zuazola oñatiarrak eraikiarazi zuen. Errenazimendu goiztiarreko harribitxi hau honako hauek osatzen dute: batetik, Diego de Siloe gaztelarrak, dudarik gabe garai hartako eskultore eta arkitekto onenetarikoa izan zenak, marmolez egindako apezpikuaren mausoleoak; bestetik, tokia ixten duten burdin hesi platereskoen forja bikainak; eta, azkenik, egurrezko taila bikaina den erretaulak. Erretaula Valladolideko Gaspar de Tordesillasek egin zuen eta Jesusen
Nekaldiko eta Mariaren bizitzako eszenak irudikatzen ditu eta candelieriren grutesko, aingeru-buru, txirla eta hegodun munstroz osatutako dekorazio delikatuarekin gozarazten digu. Handik ez oso urrun, Unibertsitateko eraikineko kaperan, XVI. mendeko maisulana dago: San Migeli eta Espiritu Santuari eskainitako erretaula. Gauzarik garrantzitsuenak bere jatorrizko polikromia eta Piarres Picart frantsesak egindakotzat jotzen den eskulturaren kalitatea dira. Bidaurretako Hirutasun Guztiz Santuaren ermitako XVI. mendeko erretaula ere ikus daiteke Oñatin.
Bergaran San Pedroren parrokia ikus daiteke eta baita bertan dagoen XVI. mendearen lehen erdiko erretaula nagusi plateresko bikaina ere. Oso dekoratu aberatsa du eta predelan kokatuta dauden Lau Ebanjelarien irudiak nabarmentzen dira euren kalitateagatik eta edertasunagatik. Santa Marinako parrokia ere Bergaran dago eta garai hartako zutabedun tenpluen eredu paradigmatikoa da. Barrualdeari dagokionez, duela gutxi aurkitu diren Errenazimenduko margolanekin dekoratuta daude gangen zati batzuk eta aro barrokoko erretaula-multzo ikusgarria nabarmentzen da.
Debagoiena eskualdeko ibilbidea osatzeko, anatomia bikaineko irudiak dituen eta 1564an egindakoa den Santiagorenerretaula ikus dezakegu Elgetako parrokian.
Aretxabaletako Korue ta elizateko Santiagoren parrokia, Arrasateko Garagartzako San Migelen parrokia eta Antzuolako Uzarragako San Joan Bataiatzailearen parrokia ere bisita ditzakegu.
Urola Garaia eskualdeari dagokionez, batetik, Itsasoko parrokian San Bartolomeren erretaula interesgarria dago, Juan de Lizarazuk XVI. mendean egindakoa eta, bestetik , Ezkion, San Migelen erretaula errenazentista. Urretxun, bestalde, derrigorrez bisitatu beharrekoa da Tourseko San Martin eliza: alboko habearteetako gangek, erdiko habearteko 4 kupulek eta toskanarordenako kapitelek harrituta utziko gaituzte, izan ere, egurrez eginda daude eta 1570ekoak dira.
Ibilbidea amaitzeko, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokia bisita dezakegu. Han dago Martin de Zurbano Tuyko apezpikuaren irudi otoizgilea duen hilobi platereskoa -1520 ingurukoa- eta Soledadeko kaperan "grisallan" margoturiko paretak dituena, Sixtina Kaperan dagoen Migel Angelen " Azken Juizioa"ren antzeko zerbait irudikatzen duena. Azkenik, Azkoitian, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokia dago eta honako hauek dira bertako gauzarik aipagarrienak: San Joan Bataiatzailearen alboko erretaula, XVI. mendekoa eta Ama Birjinaren Jasokundearen erretaula nagusia, XVII. mendekoa.