
Tourseko San Martin eliza XIV. mendean eraiki zen.
Eraikin horren itxura Zumarragako Antioren antzekoa zen, baina urteetan jasan dituen aldaketen ondorioz, gaur egun oso bestelako itxura du.
Elizak gaur egun duen itxura XVI. mendean hartu zuen. Elizaren lehen birmoldaketa sakona izan zen. Beste lan batzuekin batera, gaur ikus ditzakegun egurrezko gangak egin zituzten.
Hurrengo mendeetan ere erreforma ugari egin ziren tenpluan. XVIII. mendean dorrea eraiki zen eta 1961ean absidea bota zen, Azkoitirako bidea libre uzteko.
1982an, guztiz eraberritu zen eraikina. Izan ere, parrokiako kideak kezkatuta zeuden eraikina azkar ari zelako hondatzen.
AMA BIRJINAREN ERRETAULA
XVI. mendean egin zuen Domingo Mendiarazek. Aurrerago, erretaula oso antzekoa egin zuen Antiorako.
Bankuan, Otoitza baratzean, Kalbarioa eta Atzematea ikus ditzakegu.
Erdiko kalean, Ama birjina dago Jesus haurrarekin. Ezkerraldean Santa Ageda eta eskuinean Jaiotza . Jaiotza honetan, Mendiarazek tolesturei ematen dion garrantzia ikus dezakegu.
Atikoan, Jasokundea dugu, ezkerrean Jesus haurraren aurkezpena eta eskuinean Erregeen adorazioa. Hemen adierazten da Mendiarazek erliebearekin duen arazoa, baita aurpegiekin ere, normalean oso karratuak eta bolumen askorekin egin baititu.
SANTA KATALINAREN ERRETAULA
XVI.mendeko erretaula, Juan Araozek egina. Askatasun osoa eman zioten erretaula osatzeko eta horrela aurretik egindako tailak erabili zituen.
Bankuan, erdialdean, Jesus eta Samariarra putzuan ikus ditzakegu, eta Santa Barbara eta Santa Ageda alboetan.
Erdiko kalean Juan Lizarazuk egindako Santa Katalina dugu, durbantedun gizona zapaltzen (gaiztakeriaren isla). Santa Katalinak ezpata bat du esku batean eta liburu bat bestean, indarraren eta jakinduriaren isla.
Alboko kaleetan, Santa Katalinari buruzko pasarteak: labanen gurpilaren martirioa eta Majencio enperadorearekin edukitako elkarrizketa jakintsu batzuen aurrean, eta atikoan Santa Katalinari lepoa moztu behar dioten unea, eta Aita Betikoaren agerpena.