Zumarraga (Urola Garaia) 
Andre Maria Ermita: Antio
Antio izan zen Zumarragako parrokia 1576.urtera arte, baina hortik aurrera, Zumarraga erdi aldean dagoen Jasokundeko Andre Maria izan da.
Andre Mariaren ermita Antio izenez ezagutzen da, eta horretarako arrazoiak bi izan litezke: lehenengoa, oso zaharra delako, eta bigarrena, parrokia berria egitean, parrokia zaharra izatera pasa zelako Antio. 1366koak dira parrokia honi buruzko aipamenak jasotzen dituzte lehen dokumentuak.
Hona hemen eraikinak mendez mende izan dituen gertakari garrantzitsu batzuk:
XVI. mendea
1576an parrokia izateari utzi zion, eta eraikinaren gainbehera etorri zen. Gurtza-elementu gehienak tenplu berrira jaitsi zituzten. Parrokia izateari uzteak tenplua ofizialki baztertzea ekarri zuen.
Bestalde, Migel Lopez Legazpi bertan bataiatu zuten adituen ustez. Horretaz gain, dirudienez Loiolako Inaziok hemen egin zuen otoitz 1522an, Arantzazuko bidea egiten ari zenean.
XVII. mendea
Antioko ermita urte askoan baztertuta egon eta gero, mende honen hasieran aldaketak etorri ziren.
1605ean tenpluko patroiek ermitaren esku geratu zen horma nagusia betetzeko Domingo de Mendiaraz eskultoreari eskatu zitzaion erretaula berria.
XVIII. mendea
1743an San Felipe Neriren erretaula jarri zuten alboko horman.
Baina 1746an, egoera tamalgarrian zegoen eraikina. Ermita lehenbailehen berritu beharra zegoen. Horrela, ganga berriak egiten hasi ziren eta ermita osorik konpontzeari ekin zioten.
XIX. mendea Ohiko elizkizunez gain, beste hainbat jarduera egiteko erabili zituzten ermita eta serora-etxea: gaixotasun kutsakorrak (kolera...) zituzten gaixoak zaintzeko, edota herritarrak ez kutsatzeko. Era berean, armen gordeleku gisa erabili zituzten ermitako gangak gerra garain.
XX. mendea Mende honetan aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren. Mendearen erdialdera, ermitaraino iristen den errepidea ireki zuten. 1976an berrikuntza asko egin zituzten: aurreko mendeetan eraikitako ganga faltsuak kendu zituzten eta agerian geratu zen ermitak zuen hasierako estalkia, eta, horretaz gain, ustelduta zeuden erretaulak ere kendu zituzten, eta sakristia eta serora-etxea bota zituzten.