Jakinduriaren eta ezagutzaren garrantzia...
Humanismoa eta Errenazimenduko ideiak hedatzen ari ziren. Kulturagatiko interesak eta ikasteari ematen zitzaion garrantziak unibertsitateak eta ikasle-egoitza nagusiak eta txikiak eraikitzea eragin zuen. 1540ko apirilaren 23an, Paulo III.a Aita Santuaren "Cum Attendi" bulda lortu zen Oñatin Sancti Spiritus Unibertsitatea sortzeko. Euskal Herriko lehenengo unibertsitatea zen, Rodrigo Mercado de Zuazolaren kimenari esker sortutakoa, eta Salamanca, Valladolid, Bolonia eta Parisko unibertsitateen pribilegio berberak zituen. Teologia, Kanonak, Legeak eta Arteak irakasten ziren eta 1551ko Konstituzioetatik aurrera berritzen joan ziren Kapitulazioek arautu zituzten.

Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea euskal errenazimenduko eraikin garrantzitsuenetakotzat jotzen da eta, bertan, atentzioa ematen du Pierres Pikarti eginarazitako fatxadaren apaindurak. Sarrerako arkuaren gainean Rodrigo Mercado de Zuazolaren irudi otoizlaria duen nitxoa dago, bere mausoleoan sortutako eredua errepikatzen duena. Barruan, aipagarriak dira klaustroko eskailerak lotzen dituen erdi-puntuko arkuz eratutako bi solairuko patioaren klasizismoa eta bere proportzioen edertasuna.