San Ignazio bere lurraldean... 
1941ean Azpeitian jaio zen Loiolako Iñigo, Jesusen Lagundiaren sortzaile eta euskaldun unibertsalena kontsideratua. Bere haurtzaroa egungo "Etxe Santu" edo loiolatarren dorretxean, eta Egibar baserrian eman zuen, Maria Garin bere inudearen etxea zen azken hau.Baserri hori ere bisitatu daiteke gaur egun, Ingurugiro Etxea baitago bertan. Etxe Santua Santutegiaren barruan dago, elizaren aldamenean. Horma sendoak ditu beheko solairuetan eta adreiluz egindako mudejar estiloko dekorazio dotorea goikoetan. Oñaz-Loiolatarren eguneroko bizimodua nolakoa zen ikus dezakegu bertan.
13 anai-arrebetatik gazteena zen Iñigo. Familia boteretsua zen eta harreman onak zituen. Bere esku zuen Azpeitiko parrokiko patronatua. Gaztelako Diruzain Handiak bere sem eetako bat bidaltzeko eskatu zion Loiolako jaunari, bere etxean semetzat hartzeko.
Iñigo izan zen hautatua eta 1505ean Arevalora joan zen. Han igaro zuen gaztaroa, izan ere, 1517 arte egon baitzen. Handik aurrera, gorte eta jauregiko gizona izan zen. Gero, Nafarroako Erregeordearen zerbitzura egon zen. Najera hartzen lagundu zuen eta Erregeordeak bakemisioa ere eman zion Gipuzkoan. 1521ean zauritu egin zuten Iruñeako gotorlekuan eta huraxe izan zen bere bihurtzeko prozesuaren abiapuntua. Loiolan egin zuen susperraldi luzea aproposa izan zen ikasi eta hausnartzeko eta hantxe ekin zion San Ignaziok kristau bideari.
Arantzazuko eta Montserrateko Santutegietatik igaro ondoren Lur Santura joan zen erromes eta gero, Bartzelonan, Alcalan eta Parisen ikasi zuen. 12 urte eman zituen unibertsitatean ikasten. 1535ean, Paris utzi eta Loiolara itzuli zen isilean familia bisitatzera. Baina ez zuen ostatu hartu bere familiaren luxuzko etxean, Azpeitiko Madalenako ospitalean baizik. Egonaldi labur hartan, Elosiagako Andre Mariaren ermitan predikatu zuen aranondora igota eta baita Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian ere. Hantxe dago, bestalde, bere bataiarria. Loiolako Santutegiaren inguruan dago XIII. mendean eraikitako Olazko ermita. Ermitaren barruan, San Ignaziok debozio berezia zion Olazko Ama Birjinaren irudi ederra dago.