Jakinduriaren eta ezagutzaren garrantzia
XVI. mendean, Humanismoa eta Errenazimenduko ideiak hedatzen ari ziren. Kulturagatiko interesak eta ikasteari ematen zitzaion garrantziak unibertsitateak eta ikasle-egoitza nagusiak eta txikiak eraikitzea eragin zuen. 1540ko apirilaren 23an, Paulo III.a Aita Santuaren "Cum Attendi" bula lortu zen Oñatin Sancti Spiritus Unibertsitatea sortzeko. Euskal Herriko lehenengo unibertsitatea zen, Rodrigo Mercado de Zuazolaren ekimenari esker sortutakoa, eta Salamanca, Valladolid, Bolonia eta Pariseko unibertsitateen pribilegio berberak zituen. Teologia, Kanonak, Legeak eta Arteak irakasten ziren eta 1551eko Konstituzioetatik aurrera berritzen joan ziren Kapitulazioek arautu zituzten.
Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitatea euskal Errenazimenduko eraikin garrantzitsuenetakotzat jotzen da eta, bertan, bereziki aipagarriak dira Pierres Pikarti eginarazitako fatxadaren apaindura eta kaperako erretaula***. Sarrerako arkuaren gainean Rodrigo Mercado de Zuazolaren irudi otoizlaria duen nitxoa dago, bere mausoleoan sortutako eredua errepikatzen duena. Barruan, aipagarriak dira klaustroko eskailerak lotzen dituen erdi-puntuko arkuz eratutako bi solairuko patioaren klasizismoa eta bere proportzioen edertasuna.
SANCTI SPIRITU UNIBERTSITATEKO ERRETAULA
Unibertsitateko kaperak gordetzen duen maisulan hau Pierres Picarti frantziarraren lana dela uste da. XVI. mende erdialdeko erretaula errenazentista estilokoa da.
Egitura argi eta erregularra du, eta erdiko kalean dauden irudiak dira aipagarrienak: San Migel dragoiarekin, kaperari izena ematen dion Espiritu Santuaren etorrera, eta Mariaren Zeruratzea aingerutxoz inguratuta. Tolestura eta irudien mugimenduak manierista estilora gerturatzen dira eta dinamismo handia ematen diote multzoari.