Soreasuko Sebastian Donearen Parrokia (Azpeitia)
Azpeitiko parrokia hau, hasiera batean zentro tenplario bat izan zela uste da.
Eliza, gaur ikusten dugun bezala, XVI. eta XVII. mendeetan eraldatu zen. Orduan egin ziren erretaula, koruko eskailera, sakristia, organoa...
XVIII. mendean, aurrealde platereskoari elizpea erantsi zitzaion. Elizpea garaipenaren arku erromatarraren antzekoa da. Kanpandorrea, kapitel batekin bukatua, elizaren zatirik zaharrenetakoa da, erdi arokoa izan daiteke hain zuzen. Barrualdean, Aldare nagusiko erretaula barrokoa nabarmentzen da, baita koroaren azpian dagoen San Ignazioren bataiarria.
Elizak dituen zortzi kaperak ere aipatzekoak dira, baina bat nabarmentzen da:
Bakardadearen kapera
Bailarako altxorretako bat dugu Bakardadearen Kapera. Nicolas Saez de Elola Peruko konkistan Pizarroren laguntzaile izandako kapitainaren enkarguz egin zen, XVI. mendean. Bere bizitza eta balentriak erakusteko eraiki zuen, hain zuzen ere. Domingo de Rezabalek eraiki zuen eta erretaulak margotzea Andres de Olabarrietaren esku utzi zen. Kapera, bere osotasunean, bai egitura arkitektonikoan bai eta bertan diren apaingarrietan ere errenazimentu klasiko bezala ezagutzen den estilokoa da, eta Erromako Panteoiaren eredua jarraitzen du. Garai hartan Euskal Herrian errenazimendu estiloan egindako bakarra da. Michelangeloren 'Il Sogno' irudikatzen duen margolanak interes berezia du, artista italiarrak bere lana egin eta denbora gutxira sortutakoa delako.
Kaperaren erdigunea, lauki baten irudikoa, lau albotara zabaltzen da. Horietako batetan, Nicolas Saez de Elolaren mausoleoa dago, eta bigarrenean, aldarea. Balio handiko margolanak eta eskulturak gordetzen ditu kaperak. Korupean erliebe irudiak ikus ditzakegu, eta erdian irekidura bat duen kupula kasetonatua du.